All posts by Pastoral Familiar Diócesis de San Sebastián

22Jun/16

ESKERRIK ASKO, JAINKO ONA, “FAMILIA” ZARALAKO!

ESKERRIK ASKO, JAINKO ONA, “FAMILIA” ZARALAKO!

Eskerrak, Aita, Zu “familia” dan Jaungoikoa zaralako, “alkartea” dan Jaungoikoa. Jesu Kristo zure Semearen bitartez, zure maitasun egitasmoa erakutsi deuskuzu: zure inguruan, gu familia handi bat izan gaitezala.

Eskerrak bizitzarako eta fedean eta maitasunean hasteko familia bat emotearren.

Eskerrak, baita, kristau alkarte bakoitzagaitik, eskerrak lur honetan Zu egotearen ezaugarria dan eta egun baten danentzako Etxea izango danaren aurrerakizuna dan Bizkaiko Elizeagaitik.

Lagundu egiguzu, Jauna, lanean pozez jarraitzen, gehien sufritzen daben familien ondoan egoten, Zutaz gitxien dakienen artean Zu ezagutu arazoten, familia bakoitza aske egiten gaituen fedearen eta itxaropenaren zabaltzailea izan ahal daiten.

22Jun/16

Ezkontza berritzeko Familien aldeko otoitza

FAMILIEN ALDEKO OTOITZA (ezkontza barritzeko)

Senarrak: Jaungoiko Aita, gaur gure Kristau Alkarteko familien izenean berba egin gura deutsugu. Euren ezkontza egunean bihotzez Bai esan eutsuenen izenean egiten deutsugu berba. Bai bikote izateari, Bai familia barriaren jaiotzari.

Emazteak: Ezkonduak eta alargunak doguz gogoan; bikote gazteak eta zaharrak; maitasunean huts egin dabenak eta euren bizitza, zure laguntzaz, barriro konpondu gura dabenak.

Senarrak: Gogoan doguz gaur baita familia egiten daben beste pertsonak, nahiz eta ezkonduak izan ez, eta egunero era batera eta bestera ahalegintzen diranak Jaungoikoaren seme-alaben familia handia eraikitzen.

Emazteak: Barriro be, Jauna, pertsona guzti horreen izenean, eskerrak emoten deutsuguz, gure familia-bizitzan zehar, zure Maitasuna eta zintzotasuna eustearren. Eta zure maitasun eta indarraz gure ezkontza eta familia agintza ilusinoz barritu gura dogu.

Senarrak: Jauna, zeure Jainko maitasunari zintzo erantzuten jarraitu gura dogu gure bizitzan, maite dogun ezkon-lagunari zintzo erantzuten, gure ardurapean doguzan seme-alabei zintzo erantzuten, Zuk anai-arreba arteko etxe bihurtu gura dozun munduari zerbitzen eta zintzo erantzuten. Jarraitu egizu guri laguntzen, Jauna, zure Maitasunaren lekuko izaten jarraitu dagigun.

Abadeak, batzartuei zuzenduz: Zuengan maitasuna sortu eban eta zuen familia-bizitzan zehar janaritu eban Jaunak baieztu (+) dagiala Elizearen aurrean agertu dozuen familia-konpromisoaren barriztatze hau.

22Jun/16

Hamar neskatxen parabola. Mateo 25,1-13

Hamar neskatxen parabola

25,1 <<Jainkoaren erregetzarekin, kriseiluak hartu eta senar ezkonberriari bidera irten zitzaizkion hamar neskatxekin bezala gertatzen da. 2 Neskatxetako bost zentzugabeak ziren eta bost zentzudunak. 3 Kriseiluak hartzean, zentzugabeek ez zuten oliorik hartu; 4 zentzudunek, ordea, kriseiluekin batera olioa ere hartu zuten ontzietan. 5 Senarrak luzatzen zuenez, logaletu egin ziren denak eta loak hartu zituen.

6 <<Gauerdian oihu bat izan zen: <Hemen da senarra! Irten bidera!> 7 Jaiki ziren denak eta beren kriseiluak prestatu zituzten. 8 Orduan, zentzugabeek zentzudunei esan zieten: <Emaguzue olio‑pixka bat, kriseiluak itzaltzera doazkigu eta>. 9 Zentzudunek erantzun zieten: <Ea ez dugun nahikoa denontzat; hobe duzue badaezpada dendara joan eta erosi>.

10 <<Baina, erostera joanak zirelarik, senarra iritsi zen, eta prest zeudenak ezteietara sartu ziren berarekin. Eta atea itxi egin zen.

11 <<Iritsi ziren, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin zuten: <Jauna, jauna! Zabaldu!> 12 Baina jaunak erantzun zien: <Benetan diotsuet, ez dakit nor zareten>.

13 <<Zain egon, beraz, ez baitakizue, ez egunik, ez ordurik.

22Jun/16

Ezteiak Galileako Kanan. Joan 2,1-12

Ezteiak Galileako Kanan

2,1 Hiru egunera, ezteiak izan ziren Galileako Kanan, eta han zen Jesusen ama. 2 Jesus eta beronen ikasleak ere gonbidatu zituzten ezteietara. 3 Eta ardoa amaitu baitzen, esan zion amak Jesusi:

‑‑Ez dute ardorik.

4 Jesusek erantzun zion:

‑‑Utz nazazu bakean, emakume. Oraino ez da etorri nire ordua*.

5 Jesusen amak honela esan zien zerbitzariei: <<Egin horrek esango dizuena>>.

6 Baziren han harrizko sei ur-ontzi, juduek beren garbikuntzetarako erabili ohi zituztenak, ehunen bat litrokoa bakoitza.

7 Jesusek esan zien zerbitzariei:

‑‑Bete ontziak urez.

Haiek goraino bete zituzten. 8 Orduan, esan zien:

‑‑Atera pixka bat eta eraman mahaizainari.

Hala egin zuten haiek.

9 Mahaizainak ardo bihurtutako ura dastatu zuen, nongoa zen jakin gabe; zerbitzariek, bai, bazekiten, beraiek atera baitzuten ura. Ardo berria dastatu zueneko, senarrari dei egin 10 eta esan zion: <<Jende guztiak ardorik onena atera ohi du lehenik eta, jendea aski edanda dagoenean, arruntagoa; zuk, berriz, orain arte gorde duzu ardorik onena>>.

11 Bere lehen mirarizko seinale hau Galileako Kanan egin zuen Jesusek; honela, bere Jainko‑aintza agertu zuen, eta ikasleek sinetsi egin zuten harengan. 12 Ondoren, Kafarnaumera joan zen bere ama, anai‑arreba eta ikasleekin, eta han egon ziren zenbait egunez.

22Jun/16

Hobe, bi elkarrekin. Kohelet 4,9-12

9 Hobe, bi elkarrekin ari izatea

bakarka baino,

elkartze horretatik

etekin hobea aterako baitute.

10 Bietarik bat eroriko balitz,

besteak jasoko luke;

baina urrikalgarri bakarrik dagoena;

eroriko balitz,

ez bailuke izango nork jaso.

11 Orobat, bik, batera lotaratuz,

elkar dute berotuko;

bakarrik dagoena nola berotu?

12 Bati erasotzen diotelarik,

biek eginen dute aurre.

Hiru hariko soka etetea gaitz.

22Jun/16

Maitasuna eta Herio. Kantarik ederrena 8,5-7

Maitasuna eta Herio

Koruak

5 Nor da, bere maitearen besotik,

basamortuan gora datorren hori?

Gizakumeak

Sagarrondopean iratzarri zaitut:

han egon zen erdiminez zure ama,

han oinazez zutaz erdi zena.

Emakumeak

6 Ezar nazazu bihotzean zigilu bezala,

besoan zigilu bezala.

Herio bezain gogorra maitasuna,

Hilen Egoitza bezain iraunkorra maite‑grina.

Su eta gar da maitasuna,

Jaunarengandiko sugar*.

7 Uholdeak maitasuna ezin itzali,

ez eta ibaiek ere ito.

Norbaitek maitasuna erosi nahi balu,

bere ondasun guztiak emanik ere,

mesprezioa baizik ez luke aterako.