Ezteiak Galileako Kanan
2,1 Hiru egunera, ezteiak izan ziren Galileako Kanan, eta han zen Jesusen ama. 2 Jesus eta beronen ikasleak ere gonbidatu zituzten ezteietara. 3 Eta ardoa amaitu baitzen, esan zion amak Jesusi:
‑‑Ez dute ardorik.
4 Jesusek erantzun zion:
‑‑Utz nazazu bakean, emakume. Oraino ez da etorri nire ordua*.
5 Jesusen amak honela esan zien zerbitzariei: <<Egin horrek esango dizuena>>.
6 Baziren han harrizko sei ur-ontzi, juduek beren garbikuntzetarako erabili ohi zituztenak, ehunen bat litrokoa bakoitza.
7 Jesusek esan zien zerbitzariei:
‑‑Bete ontziak urez.
Haiek goraino bete zituzten. 8 Orduan, esan zien:
‑‑Atera pixka bat eta eraman mahaizainari.
Hala egin zuten haiek.
9 Mahaizainak ardo bihurtutako ura dastatu zuen, nongoa zen jakin gabe; zerbitzariek, bai, bazekiten, beraiek atera baitzuten ura. Ardo berria dastatu zueneko, senarrari dei egin 10 eta esan zion: <<Jende guztiak ardorik onena atera ohi du lehenik eta, jendea aski edanda dagoenean, arruntagoa; zuk, berriz, orain arte gorde duzu ardorik onena>>.
11 Bere lehen mirarizko seinale hau Galileako Kanan egin zuen Jesusek; honela, bere Jainko‑aintza agertu zuen, eta ikasleek sinetsi egin zuten harengan. 12 Ondoren, Kafarnaumera joan zen bere ama, anai‑arreba eta ikasleekin, eta han egon ziren zenbait egunez.