Odol-jarioa zuen emakumea eta buruzagiaren alaba

(Mk 5,21‑43; Lk 8,40‑56)

18 Jesus honela ari zitzaiela, buruzagietako bat etorri zitzaion eta, ahozpezturik, esan zion: <<Hil berria dut alaba; baina zatoz hari eskua ezartzera, eta biziko da>>.

19 Jaiki zen Jesus eta ondoren joan zitzaion bere ikasleekin. 20 Orduan, hamabi urte hartan odol-jarioz zegoen emakume bat atzetik hurbildu zitzaion Jesusi eta soineko‑ertza ukitu* zion; 21 honela baitzioen berekiko: <<Jantzia ukitzen badiot, besterik gabe sendatuko naiz>>.

22 Itzuli zen Jesus eta, emakumea ikustean, esan zion: <<Izan bihotz, ene alaba! Zeure sinesmenak sendatu zaitu>>. Eta une hartatik sendatua gelditu zen.

23 Buruzagiaren etxera heldu eta hango erostariak eta jendearen istilua ikustean, Jesusek 24 esan zien: <<Alde hemendik! Neskatxa ez dago hilda, lo dago>>. Haiek barre egiten zioten.

25 Jesusek, jendea kanpora bidali zutenean, sartu eta neskatxari eskutik heldu zion, eta neskatxa altxatu egin zen. 26 Eskualde guztian zabaldu zen gertatuaren berri.