Maitasunaren gorazarrea

Orain biderik bikainena adierazi nahi dizuet.

13,1 Nahiz eta gizakien eta aingeruen hizkuntzez hitz egin, maitasunik ez badut, brontze soinulari eta ezkila tintinlari besterik ez naiz. 2 Nahiz eta profezi dohaina izan, nahiz eta misterio guztiak eta munduko jakintza guztiak ezagutu eta mendiak lekuz aldatzeko adinako sinesmena izan, maitasunik ez badut, ez naiz ezer. 3 Dudan guztia behartsuen artean banatu eta neure gorputza erretzeraino emanik ere*, maitasunik ez badut, ez naiz ezer.

4 Maitasuna eraman onekoa

eta bihozbera da;

ez du bekaizkeriarik,

ez handiusterik, ez harropuzkeriarik.

5 Ez da lotsagabea, ez berekoia,

ez haserrekorra;

kaltea ez du gogoan hartzen.

6 Ez da bidegabekeriaz pozten,

baizik eta egian pozten da.

7 Maitasunak dena barkatzen du,

dena sinesten, dena itxaroten,

dena ongi eramaten.

8 Maitasuna ez da behin ere itzaltzen.

Profezi dohaina desagertu egingo da,

hizketa arrotzez mintzatzea amaituko,

ezaguera ere amaituko.

9 Erdizkakoa baita orain gure ezaguera,

erdizkakoa gure profezia;

10 eta, bete‑betekoa iristean,

desagertu egingo da erdizkakoa.

11 Haur nintzenean,

haur bezala mintzo nintzen,

haur bezala sentitzen nuen,

haur bezala juzgatzen.

Gizon egin naizenean,

utzi egin ditut haur‑gauzak.

12 Orain dena ilun ikusten dugu,

ispiluan bezala;

gero aurrez aurre ikusiko dugu;

orain erdizka ezagutzen dut;

gero oso‑osoan ezagutuko dut dena,

Jainkoak neu ezagutzen nauen bezala.

13 Hiru gauza ditugu oraindanik

iraunkor direnak:

sinesmena, itxaropena eta maitasuna;

baina hiruretan handiena maitasuna da.