[Bizitzaren lekukotasuna]
35 Kristok, bere bizitzaren lekukotasunaz eta bere hitzaren indarraz Aitaren
erreinua hots egin zuen Profeta handiak, aintzaren betetasuna agertu
arte bere zeregin profetikoa betetzen du; ez beraren izenean eta beraren
ahamenez irakasten duen hierarkiaren bidez soilik, baita bere testigu egiten
dituen eta fedearen zentzua eta hitzaren dohaina ematen dien laikoen
bidez ere (ik. Eg 2, 17-18; Ap 19, 10), Ebanjelioaren indarrak diz-diz
egin dezan eguneroko bizitzan, familiako eta gizarteko bizitzan. Agintzariaren
seme-alabak bezala agertzen dira, fedean eta itxaropenean sendo,
oraingo garaia ongi erabiltzen duten (ik. Ef 5, 16; Kol 4, 5) eta etortzeko
den aintza eroapenez itxaroten duten neurrian (ik. Erm 8, 25). Baina ez bezate
beren arima barruan gorde itxaropen hau, bestela baizik: ager bezate,
baita munduko bizitzako egituren bitartez ere, etengabeko bihotz-berritzean
eta «mundu ilun honetako aginte, ahalmen eta botereen aurkako
borrokan» (Ef 6, 12).
Kristauen bizitza eta apostolutza elikatzen dituzten Itun Berriko
sakramentuak zeru berriaren eta lur berriaren aurrerapenak dira (ik.
Ap 21, 1). Era berean, laikoak ere itxaroten diren gauzei buruzko fedearen
predikari baliotsu bihurtzen dira (ik. Heb 11, 1), ezmezean ibili
gabe, fedearen araberako bizitzarekin fede horren aitorpena lotzen dutenean.
Ebanjelizazio honek, hau da, bizitzaren lekukotasunaz eta hitzaz
Kristo aldarrikatzeak, ezaugarri berezia du eta eragin aparta, munduko
bizitzako baldintza normaletan egina delako.Eginkizun honetan balio handikotzat agertzen da, berariazko sakramentuak
santututako bizimodu hura, hau da: ezkontzako eta familiako
bizitza. Hor, laikoen apostolutzak praktikarako abagune eta eskola
bikaina aurkitzen ditu, kristau-erlijioak bizitzako antolamendu osoa
hartu eta egunetik egunera eraldatuz gero. Hemen senar-emazteek beren
bokazio berezia dute: bata bestearentzat eta seme-alabentzat fedearen
eta Kristoren maitasunaren testigu izatea. Kristau-familiak oso indartsu
aldarrikatzen ditu, bai Jainkoaren erreinuaren oraingo balioak,
bai bizitza zoriontsuaren itxaropena. Honela, bere etsenplu eta lekukotasunaz
munduko bekatua salatzen du eta argi egiten die egiaren bila
dihardutenei.
Beraz, laikoek, hemengo arazoetan sarturik daudenean ere, munduaren
ebanjelizazioan lan baliotsua egin dezakete eta egin behar
dute. Haietariko batzuek, ministro sakratuak falta direnean edota gobernuak
ezarritako pertsekuzioa dela-eta eragotzita daudenean, hauen
ordezko egiten dute, ahal duten neurrian eginkizun sakratu batzuetan;
eta haietariko askok duten guztia ematen badute ere apostolutza-lanean,
beharrezko da, guztiek lan egitea Jainkoaren erreinua zabal eta haz dadin
munduan. Horregatik, ahalegina egin bezate laikoek errebelatutako
egiaren jakintza sakonagoa izaten eta ekin eta ekin eska biezaiote Jainkoari
jakinduriaren dohaina.