Jesusi jarraitu. Mt 19,16-30

Jesusek gazte aberatsari dei

(Mk 10,17‑22; Lk 18,18‑23)

16 Behin batez, gazte batek Jesusengana hurbildu eta esan zion:

‑‑Zer onik egin behar dut, betiko bizia eskuratzeko?

17 Jesusek erantzun zion:

‑‑Zergatik galdetzen didazu onari buruz? Jainkoa bakarrik da ona. Betiko bizian sartu nahi baduzu, gorde aginduak.

18‑‑Zein agindu? ‑‑galdetu zion.

Eta Jesusek:

‑‑Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin gezurrezko testigantzarik, 19 ohoratu aitamak, eta maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala.

20 Gazteak, orduan:

‑‑Hori guztia bete dut; zer falta dut oraindik?

21 Jesusek erantzun zion:

‑‑Guztiz ona izan nahi baduzu, zoaz, saldu zeure ondasunak eta eman behartsuei, zeure aberastasuna zeruan izan dezazun; gero, zatoz eta jarraitu niri.

22 Hitz hauek entzutean, atsekabez alde egin zuen gazteak, ondasun handien jabe baitzen.

Aberastasuna salbamenerako oztopo

(Mk 10,23‑27; Lk 18,24‑27)

23 Jesusek esan zien bere ikasleei:

‑‑Benetan diotsuet: Nekez sartuko dira aberatsak Jainkoaren erreinuan. 24 Berriro diotsuet: Orratzaren begitik gamelua igarotzea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino.

25 Hitzok entzutean, ikasleek, erabat nahasturik, honela

zioten:

‑‑Nor salba daiteke, orduan?

26 Jesusek begira‑begira jarri eta esan zien:

‑‑Gizakientzat ezinezkoa da hori, baina Jainkoak dena dezake.

Dena utzi duten ikasleen saria

(Mk 10,28‑31; Lk 18,28‑30)

27 Orduan, Pedrok esan zion Jesusi:

‑‑Hara, guk dena utzi dugu zuri jarraitzeko. Zer izango da guretzat?

28 Jesusek erantzun:

‑‑Benetan diotsuet: Jainkoak mundu hau berregitean, Gizonaren Semea bere aintzazko tronuan eseriko denean, zuek ere, nire jarraitzaileok, hamabi tronutan eseriko zarete, Israelgo hamabi leinuak epaitzeko. 29 Eta niregatik etxeak, senideak, aita, ama, seme‑alabak eta lurrak uzten dituenak ehun halako jasoko du eta betiko bizia izango ondare. 30 Orain lehenengo diren asko azkenengo izango dira orduan, eta orain azkenengo direnak lehenengo.