Jesusek emakume kanaandarraren alaba sendatu

(Mk 7,24‑30)

21 Handik irtenik, Tiro eta Sidon* aldera aldendu zen Jesus. 22 Hartan, inguru haietan bizi zen emakume kanaandar* bat deiadarka hasi zitzaion:

‑‑Erruki zakizkit, Jauna, Daviden Semea! Oinaze gorritan dauka deabruak nire alaba.

23 Baina Jesusek ez zion hitzik erantzun. Bere ikasleek, ondoraturik, eskatu zioten:

‑‑Kasu egiozu, deiadarka baitatorkigu atzetik.

24 Jesusek, ordea:

‑‑Israel herriko ardi galduengana bakarrik bidali nau Jainkoak.

25 Baina emakumea, hurbildurik, ahozpez jarri zitzaion, esanez:

‑‑Lagun nazazu, Jauna.

26 Jesusek, orduan:

‑‑Ez dago ongi seme‑alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea.

27 Emakumeak erantzun zion:

‑‑Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte nagusien mahaitik erortzen diren ogi‑apurrak.

28 Orduan, Jesusek esan zion:

‑‑Emakumea, handia da zure fedea! Gerta bekizu nahi duzuna!

Eta une hartatik sendatua gelditu zitzaion alaba.