Jesus haurra tenpluan

41 Jesusen gurasoak Jerusalemera joan ohi ziren urtero erromes Pazko Jaietan. 42 Jesusek hamabi urte* bete zituenean, jaietara joan ziren, ohi bezala. 43 Jaiak amaiturik, gurasoak etxera abiatu zirenean, Jesus haurra Jerusalemen gelditu zen, haiek jakin gabe. 44 Erromeskideen artean zelakoan egun bateko bidea egin ondoren, haren bila hasi ziren ahaide eta ezagunen artean. 45 Eta, aurkitzen ez zutelarik, Jerusalemera itzuli ziren bila.

46 Hiru egunen buruan, tenpluan aurkitu zuten, lege‑maisuen erdian eseria, entzun eta galde; 47 entzuten zioten guztiak txunditurik zeuden erantzunetan azaltzen zuen argitasunagatik. 48 Ikusi zutenean, harrituta gelditu ziren gurasoak, eta amak esan zion:

‑‑Seme, zergatik egin diguzu hori? Ikusi zeinen larri genbiltzan aita eta biok zure bila!

49 Hark erantzun zien:

‑‑Zergatik zenbiltzaten nire bila? Ez al zenekiten nik neure Aitaren gauzetan jardun behar dudala?

50 Baina haiek ez zuten ulertu zer esan nahi zuen.