Jerusalem berria
62,1 Sionengatik, ez naiz isilik egongo,
Jerusalemengatik, ez naiz geldi egongo,
haren garaipena
goiz-argia bezala agertu arte,
haren salbamenak
zuziak bezala distiratu arte.
2 Eta ikusiko dute
nazioek zure salbamena,
errege guztiek zure ospea.
Izen berria emango dizute,
Jaunak berak ezarria.
3 Koroa distiratsu izango zara
Jaunaren eskuan,
errege‑diadema zeure Jainkoaren eskuan.
4 Ez dizute deituko gehiago
<<Hiri zapuztu>>,
ez eta zure lurraldeari ere
<<Lur hondatu>>;
zure izena <<Ene atsegin>> izango da,
eta zure lurraldearena <<Ene emazte>>,
Jaunak atsegin izango baitzaitu
eta zure lurraldea emaztetzat hartuko.
5 Mutilak neskatxa emaztetzat
hartzen duen bezala,
halaxe hartuko zaitu emaztetzat
zeure Egileak;
senarra emaztearekin
gozatzen den bezala,
halaxe gozatuko da Jainkoa zurekin.
6 Zure harresietan, Jerusalem,
begiraleak jarri ditut,
gau eta egun isildu gabe ari daitezen.
Ez hartu atseden,
Jaunari bere agintzariak
gogorarazten dizkiozuenok!
7 Ez eman atseden Jaunari,
harik eta Jerusalem berri dezan arte,
lur osoaren miresgarri egin dezan arte.
8 Zin egin du Jaunak,
bere eskua,
bere beso indartsua altxatuz:
<<Ez diet sekula zure garia
etsaiei janaritzat emango;
ez eta zure ardoa ere,
zure izerdien fruitua,
kanpotarrei edaritzat emango.
9 Garia jaso eta mahatsa bildu dutenek
jango dute ogia eta edango ardoa,
eta ni, Jauna, goretsiko naute
neure tenplu santuko atarian>>.