5 Iritsi zen, bada, Sikar izeneko Samariako hirira, antzina Jakobek bere seme Joseri ondaretzat emaniko lur-sailetik hurbil. 6 Han zegoen Jakoben putzua delakoa. Jesus, bideaz nekaturik, putzu‑ertzean eseri zen. Eguerdi ingurua zen. 7‑8 Ikasleak hirira joanak ziren janaria erostera. Hortan, Samariako emakume bat etorri zen putzura ur bila. Jesusek esan zion:

‑‑Emadazu edaten.

9 Orduan, emakume samariarrak esan zion:

‑‑Nola zuk, judu izanik, eskatzen didazu edatekoa niri, samariar naizen honi? (Jakin behar da juduek eta samariarrek* ez dutela elkarrekin harremanik).

10 Jesusek erantzun zion:

‑‑Jainkoak ematen duena ezagutuko eta edatekoa nork eskatzen dizun jakingo bazenu, zeuk eskatuko zenioke berari, eta hark ur bizia* emango lizuke.

11 Emakumeak esan zion:

‑‑Jauna, ez daukazu ura zerez atera, eta putzua sakona da. Nondik aterako duzu, beraz, ur bizi hori? 12 Geure aita Jakobek utzi zigun putzu hau eta bertatik edan zuten berak, beraren seme‑alabek eta abereek. Hura baino handiagoa al zara zu?

13 Jesusek ihardetsi zion:

‑‑Ur honetatik edaten duena berriro ere egarri izango da; 14 nik emango diodan uretik edango duena, ordea, ez da sekula egarri izango; zeren nik emango diodan ura betiko bizia darion iturburu bihurtuko baitzaio barruan.

15 Orduan, emakumeak:

‑‑Jauna, emadazu ur horretatik, berriro egarri ez nadin, eta hona uretara etorri beharrik izan ez dezadan.

16 Jesusek esan zion:

‑‑Zoaz etxera, dei egiozu zeure senarrari eta itzuli hona.

17 Emakumeak erantzun:

‑‑Ez dut senarrik.

Eta Jesusek:

‑‑Ongi diozu ez duzula senarrik; 18 bost izan dituzu, eta oraingoa ez duzu senarra; horretan egia diozu.

19 Emakumeak esan zion:

‑‑Jauna, profeta zarela ikusten dut. 20 Gure gurasoek mendi honetan* eman zioten kultu Jainkoari; zuek, juduok, berriz, Jerusalemen eman behar zaiola diozue.

21 Jesusek esan zion:

‑‑Sinets iezadazu, emakume, badator ordua, ez mendi honetan, ez Jerusalemen, Aita adoratuko ez duzuena. 22 Zuek, samariarrok, ez dakizue zer adoratzen duzuen; guk badakigu zer adoratzen dugun, salbamena juduongandik baitator. 23 Baina badator ordua ‑‑hobeto esan, heldua da‑‑, egiazko adoratzaileek Aita egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratuko dutena; horrela adora dezaten nahi du Aitak. 24 Jainkoa Espiritu da, eta hura adoratzen dutenek egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratu behar dute.

25 Emakumeak esan zion:

‑‑Badakit Mesias, Kristo alegia, etortzekoa dena, eta hark, etortzean, gauza guztiak agertuko dizkiguna.

26 Jesusek esan zion:

‑‑Neu naiz, zurekin mintzo naizen hau.

27 Une hartan ikasleak iritsi eta harritu egin ziren Jesus emakume batekin hizketan ari zela ikustean; halere, inor ez zen ausartu galdetzera zer nahi zuen edo zertaz ziharduen emakumearekin.

28 Emakumeak suila utzi, hirira itzuli eta esan zion jendeari: 29 <<Zatozte egin dudan guztia esan didan gizon bat ikustera. Ez ote da bera Mesias?>>

30 Jendea hiritik irten eta Jesusengana joan zen.