Ezkontza eta dibortzioa

(Mt 19,1‑9; Lk 16,18)

10,1 Jesus, handik irtenik, Judeako mugetan sartu zen, Jordan ibaiaz bestaldera igaroz. Berriro jende‑multzo handiak bildu zitzaizkion ondora eta bera, ohi zuen bezala, irakasten hasi zitzaien. 2 Fariseu batzuek hurbildu eta, zertan harrapatuko, gizonak bere emaztea uztea zilegi ote zuen galdetu zioten. 3 Hark erantzun zien:

‑‑Zer agindu zizuen horretaz Moisesek?

4 Eta haiek:

‑‑Moisesek, dibortzio‑agiria idatzi eta emaztea uzteko baimena eman zigun.

5 Jesusek esan zien:

‑‑Jainkoaren gauzetan itsu zaretelako* eman zizuen lege hori Moisesek. 6 Baina, munduaren hasieratik, Jainkoak gizaseme eta emakume egin zituen; 7 horregatik, gizasemeak bere aitamak utziko ditu eta emazteari elkartuko zaio*, 8 eta biak bat izango dira. Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baino. 9 Horrela bada, Jainkoak uztartu duena, ez beza gizakiak aska.

10 Gero, etxean, arazo berari buruz galdegin zioten ikasleek. 11 Jesusek esan zien:

‑‑Bere emaztea utzi eta beste bat hartzen duenak adulterio egiten du lehenengoaren aurka; 12 eta bere senarra utzi eta beste bat hartzen duen emakumeak adulterio egiten du era berean.