Ezkonduen betebeharrak

7,1 Idatzi zenizkidaten galderei erantzunez, hau diotsuet: Ongi dago ez ezkontzea; 2 baina, lizunkeria dela‑eta, gizon bakoitzak izan beza bere emaztea eta emakume bakoitzak bere senarra. 3 Eman biezaio senarrak emazteari zor diona, eta berdin emazteak senarrari. 4 Emaztea ez da bere buruaren jabe, senarra baizik, ez eta senarra ere berearen jabe, emaztea baizik. 5 Ez ukatu elkarri zor diozuena, elkarrekin ados eta aldi labur baterako ez bada, otoitzean ari izateko. Eta gero, elkartu berriro, grinari eutsi ezinik, Satanasek tenta ez zaitzaten. 6 Baimen gisa diotsuet hori, ez agindu gisa. 7 Denok ni bezala ezkongabe izatea nahi nuke; baina Jainkoak eman dion dohain berezia du bakoitzak, batak hau eta besteak hura*.

8 Ezkongabeei eta andre alargunei, dauden egoeran jarraitzea on dutela esaten diet, ni bezala. 9 Baina grinari eutsi ezin badiote, ezkon daitezela; hobe da ezkontzea sutan egotea baino.

10 Ezkonduei agintzen diet ‑‑ez nik, Jaunak baizik*‑‑ emaztea ez dadila banandu senarrarengandik; 11 eta bananduko balitz, ez dadila berriro ezkon, edo bakeak egin ditzala senarrarekin. Eta senarrak ez dezala zapuztu emaztea.

12 Gainerakoei ‑‑neure iritzi bezala, ez Jaunaren agindu bezala‑‑ hau esaten diet: Kristau batek, kristau ez den emakume batekin ezkondua egon eta emaztea berarekin bizitzeko prest baldin badago, ez dezala zapuztu emaztea; 13 eta emakume batek, kristau ez den batekin ezkondua egon eta senarra berarekin bizitzeko prest baldin badago, ez dezala zapuztu senarra. 14 Izan ere, kristau ez den senarra Jaunarentzat sagaratua dago emaztearekin bizi duen batasunagatik; orobat kristau ez den emaztea, senarrarekin bizi duen batasunagatik. Hala ez balitz, zuen seme‑alabak ez lirateke Jainkoarenak izango; baina egiaz Jaunarentzat sagaratuak dira. 15 Kristau ez dena, ordea, banandu nahi balu, banandu bedi*; horrelakoetan kristaua ‑‑gizon nahiz emakume‑‑ aske gelditzen da, Jainkoak bakean bizitzera deitu baitzaituzte. 16 Zeren nork esaten dizu zuri, emazte horri, zeure senarra salbatuko duzula? Edo zuri, senar horri, zeure emaztea salbatuko duzula?