3 Gurasoek, seme-alabei bizitza eman dietenez gero, umeak hezteko
eginbehar oso larria dute eta, beraz, haien lehenengo eta gorengo hezitzailetzat
hartu behar dira11. Hezieraren eginbehar hau hain da astuna,
non, hutsunea gertatzen denean, nekez bete baitaiteke. Gurasoen egitekoa
da, beraz, seme-alaben heziera osoa, pertsonala eta soziala lagun dezakeen
maitasunez beteriko giroa, Jainkoaganako eta gizakienganako
onginahiez beteriko famili giroa sortzea. Beraz, familia da giza talde
guztiek behar dituzten bertute sozialen lehen eskola. Batez ere, kristau-
familian, ezkontzako sakramentuaren graziaz eta betebeharraz aberastutakoan,
beharrezko da seme-alabek lehen urteetatik jadanik Jainkoa
ezagutzen eta gurtzen eta lagun hurkoa bataioan hartutako fedearen
arabera maitatzen ikas dezaten. Han aurkitzen dute gizarte sanoaren eta
Elizaren lehen esperientzia. Familiaren bidez, azkenik, sartzen dira erraz
gizarte zibilean eta Jainkoaren Herrian. Gogora ekar bezate, bada, gurasoek
zein garrantzi handikoa den benetako kristau-familia bizitzarako
eta Jainkoaren Herriaren beraren aurrerabiderako12.
Lehenik, familiari dagokion heziera emateko eginkizunak gizarte
osoaren laguntza behar du. Beraz, gurasoen eta hauek hezieraren eginkizunean
parte bat uzten dieten haien eskubideez gain, gizarte zibilari ere
badagozkio zenbait betebehar eta eskubide, hari baitagokio mundu honetan
guztien onerako behar dena eratzea. Haren eginbeharra da, gazteriaren
hezierarako era askotara ardura hartzea, esaterako: gurasoen eta
hezieran esku hartzen dutenen eskubide eta eginbeharrak babestea
eta laguntza ematea; gurasoen nahiari erantzunez heziera-lana osatzea,
ordezkatze-printzipioaren arabera, gurasoen ahalegina eta beste elkarte batzuena nahikoa ez denean; eta, gainera, guztien onak eskatzen duenez,
bere eskolak eta ikastetxeak sortzea13.
Azkenik, aparteko arrazoi bategatik dagokio Elizari heziera ematea;
ez heziera emateko gai den giza elkartetzat aitortua izan behar duelako
soilik, baizik eta gizaki guztiei salbamen-bidea iragartzeko, fededunei
Kristoren bizitza komunikatzeko eta bizitza honen betetasuna erdiets
dezaten14 arreta iraunkorraz laguntzeko eginbeharra duelako batez ere.
Eliza, Ama denez gero, behartua dago bere seme-alabei berauen bizitza
osoa Kristoren espirituz beteko dien heziera ematera; baina, era berean,
bere laguntza eskaintzen du pertsonaren betetasun osoa bultzatzeko,
baita lurreko gizartearen onerako eta munduaren eraiketa gizatasun
handiagoz moldatzeko ere15.