[Familia]
11 Gauza guztien Kreatzaileak gizartearen abiapuntu eta oinarri ezarri
zuen ezkonduen elkartea, eta bere graziaz sakramentu handi bihurtu
Kristorengan eta Elizan (ik. Ef 5, 32). Horregatik, senar-emazteen eta
familien arteko apostolutza garrantzi handikoa da, bai Elizarentzat eta bai
gizarte zibilarentzat.
Senar-emazte kristauak, beren buruentzat, beren seme-alabentzat
eta gainerako senideentzat, graziaren lankideak eta fedearen lekukoak
dira. Lehen predikariak eta fede-hezitzaileak beren seme-alabentzat; hitzez
eta etsenpluz kristau eta apostolu bizitzarako hezten dituzte, zuhurki
laguntzen diete beren bokazioa hautatzen eta kontu handiz eragiten
bokazio sakraturantz, haiengan halakorik antzeman dezatenean.
Senar-emazteen eginbeharra izan da beti, baina gaur egun haien
apostolutzaren arlorik garrantzitsuena da, ezkontzako loturaren hau tsezintasuna eta santutasuna beren bizitzaz agertzea eta frogatzea; umeak
kristauki hezteko guraso eta jagoleek duten eginbehar eta eskubideari
ausarki eustea; eta familiaren duintasuna eta zor zaion askatasuna
babestea. Lagundu bezate, bada, haiek eta gainerako kristauek,
eskubide hauek osorik gorde daitezen zuzenbide zibilean; herri-gobernuan
familien beharrak, etxeari, haurren hezierari, laneko baldintzei,
aseguru sozial eta zergei dagokienean, kontuan har daitezen; emigrazioak
arautzerakoan, jar bedi erabat babesturik20 familiaren elkarrekiko
bizitza.
Familiak berak Jainkoarengandik jaso du gizartearen lehenengo
zelula izateko misioa. Misio hau beteko da, kideen elkarren arteko
maitasunaren bidez eta Jainkoari guztiek batera egindako otoitzaren
bidez, Elizaren etxe-santutegi bat bezala agertzen bada; familia osoak
Elizaren kultu liturgikoarekin bat egiten badu; eta, azkenez, familiak
arrotzei abegi ona egiten badie, eta justizia eta premian dauden senideen
aldeko gainerako egintza onak bultzatzen baditu. Familiako apostolutza
osatzen duten ekintzen artean, hauek aipa genitzake: bertan behera
utzitako haurrak seme-alabatzat hartzea, arrotzei bihotz onez ostatu
ematea, eskolak zuzentzen laguntzea, gaztetxoei aholkuz eta diruz lagun
egitea, ezkongaiei ezkontzarako hobeki prestatzen laguntzea, katekesian
laguntzea, arrisku material nahiz moralean dauden senar-emazte
eta familiei eustea, zaharrei behar-beharrezkoa dutena bakarrik ez, baita
aurrerapen ekonomikotik datozen onurak ere ematea.
Beti eta nonahi, baina batez ere Ebanjelioaren lehen hazia ereiten
den lurraldeetan, edo Eliza lehen urratsak ematen ari den edota arrisku
larriren batean den tokietan, kristau-familiek, beren bizitza osoa Ebanjelioarekin
lotuz eta senar-emazte kristauen eredu izanez, Kristoren testigantza
guztiz baliotsua eskaintzen diote21 munduari.
Beren apostolutzaren helburuak errazago lortu ahal izateko, egoki
izan daiteke, familiak elkarte batzuetan biltzea22.