Dohakabeak sinesmena galbidean jartzen dutenak!

(Mk 9,42‑48; Lk 17,1‑2)

6 <<Niregan sinesten duten txiki hauetakoren bat galbidean jartzen duenak*, hobe luke errotarri bat lepotik erantsi eta itsas hondora amilduko balute. 7 Dohakabea munduan sinesmena galbidean jartzen dutenak! Bai, nahitaez gertatu beharrekoa da hori; baina dohakabeak inoren sinesmena galbidean jartzen dutena!

8 <<Zeure eskuak nahiz oinak galbidean jartzen bazaitu, moztu eta bota; hobe duzu eskumotz edo hankamotz betiko bizitzan sartu, bi esku nahiz bi oinekin betiko sutara jaurtikia izan baino. 9 Eta zeure begiak galbidean jartzen bazaitu, atera eta bota; hobe duzu begibakar betiko bizitzan sartu, bi begiekin infernuko sutara jaurtikia izan baino.

10 <<Kontuz! Ez dezazuela txiki hauetako inor gutxiets. Zeren, egia esan, hauen aingeruak zeruko nire Aitaren aurpegia ikusten ari baitira etengabe.