Bikote Harremanak

Bizitzako esperientziak, hau da, harremanak, harremanetan ditugun gatazkak, galerak, gaixotasunak, gure burua ezagutzen lagundu ohi digute, horrela bizitza aurrera doan heinean gure alde guztiak ezagutu, onartu eta beraiekin bizitzen ikasiko dugu.

Bizitzako beste alorrekin gertatzen den moduan, bikote harremanetan ere etengabe ikasten gabiltza, gure buruaz, eta baita harremanetaz ere. Bikote harremanak, harreman garrantzitsuak izan ohi dira guztiontzat, baina nola eraiki behar ditugun gutxitan erakutsi digute. Fina Sanz psikoterapeutak eman dizkidan formazio ezberdinetan beti gogorarazi digu maitasuna dela bidea egiten laguntzea. Argi erakutsi digu norberak bere bidea egiten duela, baina oso ondo dagoela bidea elkarri lagunduz eta elkarrekin egitea. Bakardadean ibiltzen ikasi behar dugu, kontuan hartuta bestearen presentzia oso atsegina dela.

maitasuna

Hau da, bikote harreman batean, besteari entzuten, laguntzen, zaintzen ikasten dugu, aldi berean bestearengandik, laguntza eta zaintza jasotzen ikasten dugu ere, ahaztu gabe norberak bere bidea duela eta ez ditugula espazio guztiak konpartitu behar. Hau da, pertsona batekin harreman bat eraikitzeko, pertsona bat maitatzeko ez dela derrigorrezkoa denbora osoa konpartitzea berarekin, aisialdiko ordu guztiak berarekin pasatzea, zaletasun berdinak edukitzea, ez eta alor guztietan ados egotea.

Gurasoengandik jasotako eredu fusionala, non bikote izatea mundu bakar bat eraikitzea suposatzen zuen, gaur egun bikote askorentzat ez du eredu bezela balio, eta askotan ereduak ez edukitzeak beldurra ematen digu, euskarririk gabe geratzen garelako. Ereduak ez edukitzeak ez du esan nahi euskarririk ez ditugunik, baina esango nuke bikote bakoitzari bere bidea egitea tokatzen zaiola, eta norberak erabakitzen duela zein den bide egokiena. Bide honetan lagungarri iruditzen zaizkidalako, eta arestian Fina Sanzek esaten duen ildotik dihoaztelako gaurkoan Fritz Perls Gestalt terapiaren sortzaileak harreman osasuntsuak eraikitzeko proposatzen dituen ideia batzuk luzatzen dizkizuet: bestearen ezberdintasunak errespetatzea, ardurak hartzea, konpromezua, ni eta bestearen arteko limiteak argiak izatea, hau da nirea dena eta ez dena argi izatea.

Olatz Berastegi

 

Bikote harremanak