Maitatu eta konprometitu

HELBURUAK:

– “Maitasuna” hitzaren esanahia ezagutu

– Bikotean konprometitzea benetan zer den jakin

– Senar-emazteen arteko harremanean komunikazio onak duen garrantziaz jabetu

– Ezkontzaren ostean, senar-emazteen eguneroko bizitzak ekar ditzakeen alde onak eta txarrak aztertu.

Maitatzea, konprometitzea da; esaldi biribila, eztabaidaezina dirudi ozen esaten denean, eta horrela da. Konprometitzen garenean, akordio batera iristen gara, hau da, baldintzarik gabe onesten dugu egindako hautaketa. “Maitatzea” hitzak adierazten duenari dagokionez, ez dirudi zalantza handirik sortuko zaigunik. Maitatzen dugunean, sentimendu hori eragiten duten jarduera batzuk egiten ditugu: zaindu, lagun egin, hitza eman, artatu eta lagundu egiten dugu. Guzti honekin, dagoeneko ezagutzen dituztenak eta ezagutuko dituztenak maitatzea gustatzen zaie pertsonei. Gizon eta emakumeen etengabe bilatzen dute etorkizuneko bikotekide bihurtu nahi duten hori. Maitasunean elkarrekin haztea, sendotzea eta batasunean haztea da.

Baina benetako maitasuna izango bada, nahitaezkoa da borondatezko konpromiso zintzoa. Izan ere, norbaitek maitatzen duenean, dena ematen du, baina dena jasotzea ere itxaroten du.

Benetako konpromisoak erantzukizuna eta leialtasuna eskatzen ditu bi aldeetatik. Eta honek eguneroko lana eta sakrifizioa dakartza. Egunez egun zaindu behar da maitasun hori eta, itxura batean, emate eta zaintzazko esanahirik gabe, ezer adierazten ez duten xehetasun txikiekin aberastu.

Gaur egun, erraza da edozein bikoterentzat adostutako konpromisoa desegitea. Gizarteak hainbeste aukera eskaintzen digu non, batzuetan, pertsona berarekin betirako konpromisoa hartzeko aukera aspergarri eta gogaikarri izan daitekeen. Zergatik biziko naiz mutil edo neska horrekin betirako, kalera irtetzeaz batera makina bat aukera izan badezaket? Horregatik da hain garrantzitsua bikotekidea ondo aukeratzea, ondo ezagutzea, hari denbora eskaintzea eta antzerako ideia eta sentimenduak dituztela egiaztatzea. Hemen, besteak beste, komunikazioak zeresan handia du.

Duela gutxi psikiatria eta psikologia medikuan katedratiko ezaguza den Enrique Rojasen liburua irakurri nuen. Ezkontzera doazen bikoteentzako zazpi aholku ematen zituen, nire ustez, errealista eta egokiak bizitzea egokitu zaigun sasoi honetarako.

Aholkuak:

  1. Maitasuna ez jainkotu. Maitasuna jainkotiarra dela eta batez ere moden eta abesti erromantikoen eragina izaten duten gazteen aldetik idealizatua dagoela eta, aldi berean, maitasunak giza alderdia duela argudiatzen du berak. Alderdi honi esker ditugu oinak lurrean; maitasuna kontu handiz zaindu beharra dagoela diosku. Hasieran hainbeste idealizatzen da maitasuna non benetako esperientzian askok eta askok ilusioa galtzen duen, bidean aurkitutako zailtasunetan pentsatuz. Bikotearen maitasuna benetakoa da eta, jakina, paregabea, baina funtziona dezan, nahitaezkoa da zaintzea eta mimatzea, denborak aurrera egin ahala haz dadin.
  1. Beste pertsona ez larregi baloratu eta ez egon haren menpe baldintza barik: Hartu-emanaren hasieran, maitemintzen hasten garenean, erraza da bestea itsu-itsuan mirestea, baina denborak aurrera egin ahala, beste hori benetan dan lez ikusten hasten gara, bere bertuteak eta, aldi berean, bere akatsak antzemanez. Hau apurka-apurka izango da, bai, baina gertatu egingo da. Orduan, maitemintzeko izan ziran arrazoiak, orduko inguruabarrak eta gertaeren segida aztertu ahal izango dira. Ez dugu burua galdu behar bestearengatik, ikuspuntu hori zuzentzen ez bada, harreman hori, lehenago ala beranduago, bizipen zail, mingarri eta, batzuetan, gatazkatsu bihur daitekeelako.
  1. Maitasunak funtziona eta iraun dezan maitemindurik egotea nahikoa dela pentsatzea hanka-sartzea da: Maitasuna egunero suspertu behar dugu xehetasun txikiekin, piztu zuen sugarrari itzaltzen utzi gabe. Zehetasun txiki horiek zaintzeak maitasun sendoa, gogorra, irmoa, ondo finkatutako maitasuna dakar. Pentsa dezagun egunerokoa ez dela ezdeusa, hutsala, garrantzirik gabekoa, egunerokoari jaramon egin behar zaiola.
  1. Ezkontza-bizitza etengabeko ikaskuntza da: Inork ez du edozein bikoteren maitasunezko eremuan izaten diren milaka xehetasunen erabateko informaziorik. Urteak behar izaten dira elkarrekin benetan ondo moldatzeko eta elkar ondo ezagutzeko. Benetan elkar ondo ezagutzeko, maitasuna bere alderdi guztietan harmonizatu beharra dago: alderdi sexualean, psikologikoan, espiritualean, kulturalean… Elkar harturik hazteko, ezinbestekoa izango da ezkon-familiekiko hartu-emana, etxeko ekonomia, aisialdia, bikotekideentzako aparteko denbora… zuzen kudeatzea.
  1. Ez da inoiz ahaztu behar bikotean krisiren bat izan daitekeela: Ezkontza egonkor eta positiboenetan ere gertatzen da hau noizbait; eta, besterik gabe, gertuko bizikidetza oso konplexua delako. Horregatik da funtsezkoa hezkuntza oso eta sendoa izatea maitasunean. Ezinbestekoa da, afektibitatea, adimena, borondatea eta espiritualtasuna bezalako eragileak egokitasunez erabiltzea. Kultura ere funtsezkoa da kasu hauetan, inguruko gertaerak eta gorabehera pertsonalak positiboki interpretatzeko.
  1. Maitasun heldua berehala heltzen ez den lorpena dela konturatu: Bi lagun bakar bat bihurtzen direnean, ez diote bi izateari uzten. Maitasunaren alderdi handienetakoa da berau. Biren batasunean, bakoitzak bere banakotasunari eusten dio. Kontua ez da bestea aldatzen edo neure nahierara egiten saiatzea, beste horren askatasuna eta nortasuna errespetatu beharra dago. Bide honetan, garrantzi handia ematen diogu elkarrizketari eta errespetuari. Akordioak bilatu behar dira eta delako akordio horietan biek ala biek izan behar dute arrazoia izateko asmoan amore emateko argitasuna eta abilezia. Maitasun helduaren osagai nagusiak erabakia, borondatea eta adimena dira, besteak beste. Horretarako etengabe eta samurtasunez landu behar da, oreka perfektua lortzeko.

Benetako maitasuna jasotzean ez ezik ematean datza batez ere: Batek, maitasuna aurkitzen duenean, bere buruaren bertsiorik onena eman nahi du, bestearen atsegina bilatuz, baina denboraren buruan, hori desitxuratu egiten da eta indarra galtzen du, eta orduan heltzen da, neurri batean edo bestean, ohikeria. Okerreko ikuspuntutik, ematea, uko egitea edo zerbait gabe geratzea dela pentsatzen da, eta hori ez da horrela. Ematen denean antzematen da norbere indarra, barruko aberastasuna edo norbere buruarekiko agintea. Eta ez da ezarritako betebehar bezala egiten, helburu handi eta zintzo bezala baizik.

Guzti horren ostean, galdera datorkigu burura: Zer da maitatzea? Maitatzea, elkarrenganako doea da, gizadiaren hastapenetatik bizi izandako errealitate naturala, gizakiaren osotasunari begira dagoena. Benetako maitasunak bizi duena altxatu, perfekzionatu eta gizatiarrago egiten du.