Jesusen ikasle

Helburuak:

Gai hau garatzean, hurrengo helburuetan zehaztu gurako genuke:

  • Zertara konprometitzen garen jakin
  • Benetan garrantzitsua denaz eman garrantzia gure ezkontzari
  • Jesusi lekua utzi gure ezkontzan
  • Elizako bizitzan txertatuta sentitzearen garrantziaz jabetu
  1. Konpromisoa

Ezkontzean, bestearekin konprometitzen gara. Maitasun, zaintza, elkarrenganako errespetuzko konpromisoak lotzen gaitu pertsona horri. Eta baita beste ezaugarri batzuk dituen konpromisoak ere: barkamena, errukia, jasankortasuna, enpatia, bestearen zapatetan jartzeko gaitasuna (eta errealitatea beti neure betaurrekoekin ez ikusi: beti ez daukat-eta arrazoirik). Norbanako bi izatetik “biren unitatea” izatera igarotzen gara.

Leialtasuna agintzen diogu elkarri, bestearenganako erabateko maitasuna, maitasun eskuzabala, maila guztietako maitasuna delako.

Elkar errespetatzeko konpromisoa hartzen dugu, hau da, elkar onartuko dugula eta bestea den bezala, bere gauza on eta ez hain onekin, gure antzeko egiteko ahaleginik egin gabe, maiteko dugula agintzen dugu. Horrek eguneroko bizikidetzan elkar osatzea, maitatzea eta errespetatzea eskatzen du.

Jesusen antzeko pertsona izatera konprometitzen gara, fedeari bizirik eusteko, eta Jesus gure bizitzan, maila pertsonalean, bikotean eta familian, zutabe bihurtzeko bidea bilatuz.

Jaiotzen diren seme-alabak onartzeko konpromisoa onartzen dugu; horiek zaintzeko eta hezteko konpromisoa, gaitasun osoa jarriz ahalik eta ondoen egiteko. Familian bizitako fedea beraiei transmititzeko eta balio jakin batzuk eta Jainkoaren maitasunaren bizipen hurko eta maitekorra biziz hazteko bidea eskaintzeko konpromisoa.

  1. Zein baliabide behar dugu konpromiso horiek bizitzeko?

Ez da nahikoa bestearekin hitzez konprometitzea; baliabide eta bitartekoak bilatu behar ditugu gure maitasuna bizitzeko. Ezkontzean, Maitasunezko lekukotasun gara, besteaz arduratu eta bestea zaindu egin behar dugu, horixe da gure betekizuna.

Geure gain hartu ditugun konpromiso horiek bizi ahal izateko, bikotekidea eguneroko bizitzan maitatu behar dugu; zaindu, zapaldu gabe; bere askatasunean errespetatu; besteari denbora eskaini.

Ezkontza-bizitzan, bistakoa da zailtasunak agertuko direna, baina hortxe nabarmendu behar du maitasunak. Maitasuna lantzeko konpromisoa hartu dugu eta maitasun horrek lagunduko digu agertzen diren zailtasunei aurre egiten.

Horretarako, ezinbestekoak ditugu bitarteko batzuk:

  • Elkar errespetatu, horixe baita maitasunaren lehen eskakizuna. Bere izateko eragatik maitatu behar dugu bestea, gure nahia ez da aldaraztea izango. Errespetatu egin behar dugu.
  • Elkarrizketan jardun eta hitz egin, ezinbestekoa da gure bizitzetan. Ideiak eman eta hartu, eta beti gure ideien modukoak ez badira ere, elkarrizketaren bidez eta hitz eginez alde horiek gainditzeko bideak jarri.
  • Elkarri barkatu, bestearekin ulerkor izaten jakin eta besteari Barkamena eskatzen eta bestearen Barkamena onartzen jakin. Gorrototsu ez izan eta erra gaitezkeela aitortu.
  • Elkarren Maitasuna zaindu, xehetasun txikiak zaindu. Egunero bestearen alde borrokatu.
  • Elkarri denbora eskaini: ondo esaten denez, “maitasuna, landarearen antzekoa da, egunero ureztatu beharra dago”.
  • Otoitz egin, elkarrekin parte hartu Eukaristian, Jesusek eusten diolako gure maitasunari; otoitzak Berarekin eta gure artean lotzen gaitu eta Eukaristia maitatzeko gaitasuna ematen digun maitasunaren sakramentua da.
  • Jesus, eredu bezala. Jesusek zuzen dezala gure familia eta arreta jar dezagula bere balioetan eta bere bizimoduan. Ez da nahikoa aginduak era inpertsonalean betetzea.
  • Eskerrak eman, gure ezkontzako gauza onengatik.

Benetako maitasunak bitarteko horiek garatzea eskatzen du eta, aldi berean, maitasuna bizitzako gauzen gainetik jartzea.

  1. Elizako bizitzan txertaturik sentitu

Bizitza politagoa da Jainkoa lagunkide dugula. Horretarako ezinbestekoa da:

  • Fedea izatea. Fedea, askori eskaintzen zaigun baina guztiok lantzen ez dugun altxorra da.
  • Hitza entzutea eta otoitz egitea. Guretzat kristauontzat, funtsezkoa izan beharko luke. Bikotean beste hainbat gauza egiten dugun bezala, otoitz egitea gure maitasunerako lagungarri dugula sentitu behar dugu.
  • Garrantzitsua da Jaunarekin Eukaristian bat egitea; Eukaristian, maitasuna sendotu egiten da. Gure ezkontza elkartean txertatuta ikusteko bidea da, gainera.
  • Barkamena eta Penitentzia. Barkamena, zauritua izan den maitasunaren berrikuntza eta sendakuntza da. Ezkontzan nahitaez aurkeztuko zaizkigun zailtasunak sendatu beharra dugu eta Adiskidetzearen sakramentua da horretarako biderik egokiena.
  • Gizartearen garapenean esku-hartu senar-emazte bezala. Jesus besteentzat bizi izan zen; ez da ona bakarrik geure buruari begiratzea; egokia da bizitzea egokitu zaigun gizartean partaide izatea.
  • Jesusen bizimoduaren antzekoa izan. Erraza ez den eta makina bat zailtasun aurkezten digun baina, aldi berean, lagungarri dugun bizimodua lortu behar dugu. Jesusen atzetik joatea ez dirudi erraza denik, baina liluragarria izan behar du. Gure bizitzak barne hartzen dituen heldutasun-prozesua da.