Guraso izate positiboa eta aita-amatasun arduratsua

HELBURUAK:

– Guraso izate positibo eta arduratsuaren arteko aldeak ikasi

– Guraso izate positiboaren oinarriak ezagutu

– Aitatasun eta amatasun arduratsua zertan datzan jakin

Zer da guraso izate positiboa?

Hazkuntza eta hezkuntza ulertzeko era da. Mutiko eta neskatoen beharrak errespetatzean eta beraien garapena ahalbidera dezaketen jarduerak –esate baterako, atxikimendua sendotzea, elkarreragina jolasaren bitartez, komunikazioa gatazkarekiko esposiziorik gabe…- martxan jartzean datza, familia bakoitzaren ingurua eta aiten edota amen trebetasunak kontuan hartuta.

Haurrekiko tratu onek beraien garapen eta ongizate egokia ahalbideratzen dute. Horretarako, profesionalek haurrek arretari, errespetuari, hezkuntzari, arauei eta maitasunari buruz dituzten beharrak transmititu behar dizkiete familiei. Horrela haurrak beren buruaren estimu egokia duten pertsona bezala garatuko dira eta, ondorioz, beraien hazkundea sanoa eta zorionekoa izango da gizartean.

Azken hamarkadetan ikerketa zientifikoak eman dituen datuen arabera, familia testuinguruak gizakien garapen pertsonalean duen eragin esanguratsua baieztatzen da; psikologiak eta beste gizarte zientzia batzuek eta osasunaren ingurukoek eragin horren mekanismoak identifikatu dituzte eta, batez ere, familiatik kideen zoriona eta buruko osasuna suspertzeko nahitaezkoak diren aldagaiak zeintzuk diren erakutsi dute. Familiei, profesionalen bitartez, beraien seme eta alaben garapen psikologiko osasungarria bultzatzen lagunduko dien informazio guzti hori eraginkortasunez jadesteko aukera ematea da arlo honen helburu nagusia.

Gaur egun, une historiko konplexua bizi dugu; seme eta alaben hazkuntzarako erreferente tradizionalek ez dute orain lehengo eraginik eta erakundeek orain arte ia bakarrik familien esku zeuden eginkizunak hartzen dituzten beraien gain. Gizarte hezkuntzaren garaian gaude eta, ondorioz, administrazioek beraien herritarrak hezteko politikak garatzen dituzte, esate baterako, familiak guraso izate positiboa garatzeari begira prestatzea. Hainbat azterlanek erakusten du familiei zuzendutako politika prebentiboen errentagarritasun ekonomikoa, honako hau osasun, justizia, hezkuntza sistemetan eta beste hainbatetan sortutako aurrezkian islatzen delarik.

Hemen aurki daiteke: http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.eus/

“Save the Children” erakundeak argitaratutako txostenak jasotzen duenez, hauek dira 10 oinarriak AITA-AMATASUN POSITIBOARI ETA TRATU ONARI BURUZ:

  1. MUTIKO ETA NESKATOEK ZAINKETA ETA GIDARITZA EGOKIAK IZATEKO ESKUBIDEA DUTE. Neska-mutikoa egoki gara dadin, zainketa fisikoak, afektiboak, portaerazko jarraibideak eta maitatu, babestu eta seguru sentiaraziko duten arauak behar ditu. (Haurraren eskubideei buruzko Nazio Batuen Hitzarmeneko 5. artikulua)
  1. AITA-AMATASUN POSITIBOAREN OINARRIAK: EZAGUTU, BABESTU ETA ELKARRIZKETAN JARDUN. Aita-amatasun positiboak eroapena eta ahalegina eskatzen ditu. Hiru premisatan oinarritzen da: 1. Mutiko eta neskatoak ezagutu eta ulertu: nola sentitzen, pentsatzen eta erantzuten duten, bakoitzaren garapen-aldiaren arabera. 2. Segurtasuna eta egonkortasuna eskaini: haurrek gurasoengan konfiantza izan behar dute, babestuta eta gidatuta sentitu behar dute. 3. Arazoak era positiboan konpontzea aukeratu: zigor fisikorik, oihurik, mehatxurik edo irainik erabili gabe.
  1. LOTURA AFEKTIBOA ERABAKIGARRIA DA. Lotura afektiboak lokarri ikusiezinak dira baina bizitasun emozional handia dute; jaiotzeaz batera, mutiko edo neskatoaren eta bere guraso edo zaintzaileen artean sortzen dira. Bien arteko hartu-emana zehazteaz gainera, eragin erabakigarria dute haurren garapenean, beraien nortasun eta autoestimuan. Lotura horrek ematen dio segurtasuna haurrari.
  1. AFEKTUA ARGI ETA GARBI ERAKUTSI BEHAR DA, HAURRAK MAITATUAK SENTI DAITEZEN. Haurrek ez dute segurutzat jotzen maitatuak direla, ikusi eta sentitu beharra dute seguru sentitzeko. Garrantzitsua da maitasuna beren-beregi erakustea: musuak, besarkadak, hitz goxoak, irribarreak. Haurrarentzat ez dago ezer atsegingarriagorik gurasoentzat garrantzitsua dela eta hauek berataz harro daudela sentitzea baino. Haurrek sentitzen eta pentsatzen dutenaren inguruan jakin-mina erakutsiz, haurrei denbora eskainiz ere adierazten da afektua.
  1. ARAUAK ETA MUGAK GARRANTZITSUAK DIRA, SEGURTASUNA EMATEN DIETE. Arauak eta mugak afektua bezain beharrezkoak dira emozio-, ezagutza- eta gizarte-garapenerako. Haurrak aurreikusi daitekeen ingurua eta gurasoek berarengandik zer itxaroten duten jakitea behar du, segurtasuna ematen dio. Arauak argiak, bakunak eta egonkorrak izango dira, eta familiako bizikidetza eta gizarte bizitza ahalbideratuko dute. Arauekin batera, azalpen koherentea emango zaie, haurrek ulertzeko modukoa. Ez du balio, “neuk diodalako” esateak.
  1. HAURREK ERABAKIAK HARTZEKO PROZESUAN PARTE HARTU ETA ERANTZULE SENTITU BEHAR DUTE. Arauak ezartzerakoan haurrak ere tartean badaude, errazago da beraiek ulertzea eta onartzea. Familiako kide guztiak motibatuago daude arauak betetzerakoan aurretik horien inguruan hitz egin badute eta elkarrekin adostu badituzte. Erabaki sortzaileak lor daitezke horrela, eta haiek zuzenagotzat hartzea. Haurrek autoestimu egokia garatzen dute eta konfiantza dute beraien buruarengan eta baita erantzukizun sena ere.
  1. ZIGOR DAITEZKE GAIZKI PORTATZEN DIRENEAN, BAINA EZ EDONOLA. Haurrek batzuetan ez dituzte arauak betetzen eta haserretu ere egiten dira, baina ez gaiztoak direlako eta bizitza hondatu nahi digutelako. Askotan helduoi gertatzen zaigun bezala, mutiko eta neskatoei kostatu egiten zaie beraien emozioak kontrolatzea eta frustrazioa jasatea. Arauak errespetatzen ez direnean eta haurrak debeku edo aginduen aurrean jarrera lar desegokia duenean (gauzak apurtu, beste haur batzuk jo, beraien burua lurrera bota eta ostikoka hasi…), egindako kaltea konpontzeko edo egin duena ez dagoela ondo eta berriz ez duela egin behar ulertarazteko balioko duten zigorrak jar daitezke. Zigorrak neurrikoak eta argiak izango dira eta berehala eta irmotasunez, eta lasaitasunez eta errespetuz, ezarriko dira. Zigorrei eutsi egin behar zaie, horregatik izango dira neurrikoak eta betetzeko modukoak, eta ez dute asko iraungo.
  1. BELARRONDOKOA, IRAINA, MEHATXUA EDO OIHUAK EZ DIRA EZ ERAGINKORRAK EZTA EGOKIAK ERE HAURRAK HEZTEKO. Zergatik? Neska-mutikoek maitasuna eta indarkeria eskutik doazela ikas dezaketelako, norbaitek ernegatzen nauenean eta indartsuago naizenean, neure indarra erabil dezakedala bestearen gainean, neure borondatea ezarri ahal izateko. Indarraren berehalakotasuna elkarrizketaren aukera eta arau eta mugak ezartzea baino probetxugarriagoa dela ikasten du. Haur bat gaizki egin duen zerbaitengatik astintzen edo iraintzen denean, hura oso gaizki sentitzen da, babesgabe, gurasoek bazterreratuta eta emozio hauek zigorraren arrazoien inguruan hausnartzea galarazten diote. Indarkeria barik, azalpen argiekin, adibideekin, aukerekin eta konpromisoekin zuzentzeak arauak barneratzen eta arduraz errespetatzen laguntzen dio haurrari.
  1. GATAZKAK INDARKERIARIK GABE KONPON DAITEZKE. Gatazkek, bide baketsuetatik konpontzen badira, lokarriak estu ditzakete harreman afektiboen barnean. Arazoak indarkeriarik edo oldarkortasun fisiko edo ahozkorik gabe konpontzeko, ezinbestekoa da autokritika egitea, nork bere eragileak arakatzea eta bestea errespetatzea. Komunikazio eta negoziaziorako tresnak erabiltzea eskatzen du, esate baterako: • Entzute eraginkorra. Besteak zer esan nahi digun ulertzen saiatu (nahiz eta bere ikuspuntuarekin bat ez etorri). • Bestearen lekuan ipini: zer sentitzen du? Garrantzitsua da enpatia erakustea. • Irainak, gaitzespenak, txantajeak edo mehatxuak bezalako jarrera oldarkorrik ez erabili. Muturreraino daramatzate aurrez aurre dauden pertsonen jarrerak eta giro guztiz kaltegarria sortzen dute. • Arazoarentzako irtenbideak negoziatu, batzuetan amore emanez eta beste batzuetan konpromisoak hartuz.
  1. ETA OSO GARRANTZITSUA. HAURRAK ONDO EGON DAITEZEN, GURASOEK ONDO EGON BEHAR DUTE. Gurasoek aurre egin behar diote egunero hainbat egoerari eta berehalako erantzuna eman, pentsatzeko astirik gabe. Egoera batzuk kezka-iturri izan daitezke, esate baterako seme eta alaben hezkuntza edo osasuna. Normala da batzuetan gaindituta, triste edo etsita sentitzea, baina egoera horrek ez du orokor bihurtu behar, ezta luzaroan iraun ere. Ama-aitatasun arduratsua nork bere egiteak, nork bere burua zaintzea, norbere atseden eta gozamenerako uneak bilatzea ere eskatzen du, atseden hartu eta indarberritu eta familiaren “karrotik tiratzeko”. Beraz, badakizu, zaindu eta maitatu zeure burua ere!

Zer da aita-amatasun arduratsua?

  1. Aita-amatasun arduratsua senar-emazteei dagokien bereizketa prozesua da, elkarren arteko adostasunez eta Jainkoaren aurrean garatzen dena.

Aitatasun edo amatasun arduratsua biziaren transmisioan adimena zuzentasunez erabiltzean datza. Bizi berria sortzea kontu biologiko hutsa ez ezik, gurasoak beraien arrazoian, beraien borondatean eta beraien alderdi espiritualean inplikatzen dituen zerbait dela konturatzean datza. Jakinaren gainean eta bihotz-zabaltasunez, norbere familiaren dimentsioaren inguruan Jainkoaren borondatea bilatzea eta hori gauzatzeko bide zehatza erabakitzea eskatzen du.

Puntu honetan kristau pentsamendua ulertzeko, oinarrizko printzipioa kontuan hartu beharra dago: seme-alaba izatea onura dela, eta ez hasiera batean saihestu behar den zerbait, eta dohaina, ez eskubidea, dio Elizaren irakaspenak. Aita-amatasun arduratsua seme-alaba berri horrenganako senar-emazteen jarrerari dagokio batez ere: beraiek aita-amatasun horren “jabe” ala “administratzaile” diren jakitean dago gakoa.

Seme-alaba izateko edo jaiotza berria ekiditeko aukera aztertzean, senar-emazteek beraien baldintza fisiko, ekonomiko, psikologiko eta sozialak baloratzen dituzte. Eta erabakitakoa gauzatzerakoan, lege biologikoak ezagutzen eta errespetatzen dituzte, beraien joera sexuala menperatzen dute eta kontrazepzioa baztertzen dute, dio Carlo Caffarrak Familiaren Pontifize Batzordearen Hiztegian.

Humanae Vitae entziklikarekin, Elizak jarrera argia erakutsi zuen 1968an XX. gizaldiaren lehen erdiko errealitate konplexuen aurrean: jaiotza-tasaren erregulaziorako sistema berriak egiten eta ezartzen ari ziren demografia-eztandaren eta bizimodu eta lan sistemaren estresaren aurrean, biogenetika eta pilula anobulatorioa sortu ziren, abortua eta “ugaltze-osasuna” deitutakoa aldarrikatzen zuen emakumezkoaren liberazioa suspertzen ziren…

Oraindik, gaur egun, “aita-amatasun arduratsua” kontzeptuak interpretazio anitz –eta baita aurkako ere- eragiten du, sarritan jaiotzak gutxitzeko balizko beharrari eta emakumeak bere gorputzaren inguruan duen erabakitzeko eskubideari lotuta. Joan Paulo II.ak argitzen duenez, “‘aitatasun eta amatasun arduratsuaren’ benetako kontzeptua, ikuspuntu etikoaren araberako jaiotze-tasaren erregulazio zintzoari lotuta dago”, hau da, neurritasunaren bertutea nabarmentzen duen pertsonaren heldutasunean oinarritutako jarrerari.

Iturriak / erreferentziak:

Hiztegia. Familiari, biziari eta auzi etikoei buruzko hitz zalantzagarri eta eztabaidagarriak. Familiarako Pontifize Batzordea. Palabra arg. Madril 2004

Rafael Fernández, La paternidad responsable en la perspectiva del Magisterio de la Iglesia. Patris arg.

  1. “Aita-amatasun arduratsua” eta “aita-amatasun planifikatua” ez dira gauza bera. Jaiotzen arteko tartea handitzeko arrazoiak serio eta neurritsuak izango dira.

Senar-emazteen arteko maitasuna biziaren transmisio arduratsuarekin uztartzeak Jainkoaren aurrean nork bere betebeharrak aitortzea eta, nork bere nahierara jardutea ez ezik, kontzientzian jokatzea eskatzen du. Horrela, elkarrenganako eskaintzaren eta giza ugaltzearen senari osorik eusten dieten irizpide objektiboekin –gizakiaren izatasunetik eta bere jardueretatik hartuta-, familia ugaria eratzeko erabakia har dezakete edo, arrazoi pisutsuengatik eta lege morala errespetatuz, seme-alaba izateari uko egiten diote, denboraldi jakin batez edo zehaztugabeko denboraldirako.

Seme-alaben jaiotzen arteko tartea handitzea erabakiz gero, beraien nahia ez dela norberekoikeriatik sortzen ziurtatu behar dute eta erabaki hori aita-amatasun arduratsuaren zintzotasunaren araberakoa dela. Gainera, ezkontza-kastitatea zintzotasunez landu behar dute eta sexu harremanen funtsezko alderdiak (elkartu eta ugaldu) errespetatu. Testuinguru honetan, zilegi da emakumearen gorputzaren erritmoak kontuan hartzea eta ugalkortasunaren erregulaziorako metodo naturalak erabiltzea, sexu harremanak aldi antzuetara mugatuz.

Gainera, sexu harremanak izatean, bakoitzak libreki onartu behar du aita edo ama izan litekela, eta gertatuko balitz, ustekabeko sorkuntza. Karol Wojtylak, ‘Maitasuna eta erantzukizuna’ liburuan, hauxe ohartarazten du: “gaitasun hori faltako balitz, uko egin beharko liekete ezkontza-harremanei”.

Iturriak / erreferentziak:

Humanae Vitae entziklika

Karol Wojtyla, Maitasuna eta erantzukizuna

  1. Seme-alaba izatearen inguruko bereizketa muga moral batzuen barruan egingo da: ezin da edozein metodo onartu jaiotzak mugatzeko

Biziaren transmisioan adimena erabiltzeak aberastu egiten du aita-amatasuna, baldin eta borondate zuzena badago eta Sortzaileak ezarritako izadiaren legeak errespetatzen badira. Honek ez du zerikusirik antisorgailu artifizialekin, hauekin ugaltzea ezinezko bihurtzeko giza borondatea ezarri nahi delako.

Gauza bat da gaitasun naturalaz zilegitasunez baliatzea eta guztiz desberdina, prozesu naturalen garapena galaraztea; giza biziaren iturrien administratzaile bezala jokatzearen eta iturri horien epaile sentitzearen arteko aldea da.

Bakarrik lehen kasuan, senar-emazteek jakinaren gainean uko egiten diete sexu harremanei aldi ugalkorretan eta sexu harremanak izaten dituzte gainerako aldietan, elkarri maitasuna adierazteko eta elkarrenganako leialtasuna babesteko. Gainera, nork bere burua menderatzeak, aldizkako kontinentzia eskatzen duenak, senar-emazteen gorputza errespetatzen du eta benetako askatasunaren hezkuntza ahalbideratzen.

Testuinguru honetan, preserbatiboa, UBG (umetoki barneko gailua) edo pilula bezalako metodo artifizialak erabiltzea biziaren transmisioaren onuraren eta senar-emazteen elkarrenganako eskaintzaren aurka doa zeharo, min ematen dio benetako maitasunari eta Jainkoaren nahitaezko egitekoa ukatzen du biziaren transmisioan; ezkontza-koitoa nahita antzu bihurtzea, bere barneko egia (maitasunezko elkartzea eta izan litekeen ugaltzea) kentzea da, lizuna da, baita ezkontza-bizitza emankorrean ere.

Hala ere, hasiera batean etikoki onargarriak diren metodo naturalak norberekoikeriaz eta aita-amatasun arduratsuaren oinarri etikoak errespetatu gabe erabiltzea ere Jainkoaren borondatearen aurka doa. Seme-alaba izateko edo ez izateko erabakiaren alderdi etikoa hain da funtsezkoa non hori gabe metodo naturalen eta artifizialen arteko aldea antzematen ez den. Kasu honetan, ugalkortasunaren erregulazio naturalaren ikuspuntu utilitaristak bere funtsa faltsutuko luke eta beste kontrazepzio-moldetzat hartuko litzateke.

Iturriak / erreferentziak:

Eliza Katolikoaren Kristau-ikasbidea, 2331-2400

Joan Paulo II.aren katekesia gorputzaren teologiari buruz

Hemen argitaratua: www. aleteia.org