Ezkontzaren sakramentua

Ezkontzaren sakramentuaren gai hau garatzean, zehatz-mehatz hiru helburu lortu nahi ditugu:

  1. Orokorrean, Elizaren sakramentuen esanahia hobeto ezagutu eta ulertu.
  2. Zehazki, ezkontzaren sakramentua hobeto ezagutu eta ulertu.
  3. Ezkontzaren sakramentuaren ospakizuneko uneak hobeto ezagutu eta ulertu.

1. – ELIZAREN SAKARMENTUAK

Zer adierazten du “sakramentua” hitzak? Zertaz dihardu Elizak sakramentuez ari denean? Sakramentua, gertaera da, ez gauza bat. Gure artean gertatzen den Jesukristoren presentzia eraginkor eta aktiboa da. Sakramentua, Jesukristo salbatzailearen ekimenaren eta gizakiaren erantzun abegitsuaren bategitearen gertaera da. Sakramentua, Jainkoaren eta bere Herriaren arteko itunaren gertaera da. Eta bategite honetan, itun honetan, gorpuztasunaren bitartez, gizonen eta emakumeen historia zehatzean gauzatzen eta garatzen da.

Jainko kristaua, salbatzen eta askatzen duen Jainkoa da. Ez da igarkizun zientifiko edo filosofikoak argitzen dituen Jainkoa; ez da inguruabar zehatz bakoitzean nola jokatu behar den erakusten duen Jainkoa; gizon eta emakumeak epaitzen edo jendea etiketatzen duen Jainkoa ere ez da. Gure Jainkoa, gizon eta emakumeak santu egiten dituen Jainkoa da, bere hitz eta zeinu errukitsu eta gupidatsuetatik haiek eraldatu egiten dituen Jainkoa. Sakramentuak, Jesusek Elizari egiten dizkion 7 opariak dira, horien bitartez gizon eta emakumeek Berarekin topaketa berezi eta intimoa izan dezaten.

Nola salbatzen du Jainkoak? Maitasunaren bitartez. Jesusen Heriotza eta Berpizkundean agertzera emandako Maitasunak ikaragarrizko eta egundoko indar eraldatzailea du. Zazpi sakramentuetan ere Kristoren heriotzan eta bere Berpizkundean jardun zuen Jainkoaren egundoko indar berak jarduten du, onartzen eta ospatzen dituzten gizon eta emakumeen bizitza eraldatuz. Sakramentuak ez dira giza ekintzak, ez dira giza produktuak. Gizakiek ez dituzte sakramentuak eratzen, Elizaren bitartez gizakiei Jainkoaren maitasuna eramaten dieten Espirituaren ekintzak direlako. Elizak ez du aginterik sakramentuaren gainean, ez delako horien jabe, ez direlako bereak. Elizak, Jesukristok gizon eta emakumeen onerako ezarritako errealitatea zaindu eta administratu egiten du.

1.1. Sakramentuen hiru ezaugarriak

  1. a) Jesukristok gure artean duen presentziaren ZEINU NABARMEN dira. Zeinuak, ikusten, ukitzen, e.a., diren errealitateak dira, errealitate gorpuzdunak, materialak (ura, olioa, ardoa, ogia). Eta Espiritu Santuaren eraginez, errealitate material hauek jainko ekintzaren eramaile izango dira. Zeinuak ikusten den errealitatea dira, baina ikusten ez den errealitatea ere bada. Zein da zeinu hauen adiera? Misterioa, hau da, Jainkoaren maitasuna, ikusezina, ikusgai egiten dela eta honela Jainkoa, aditzeko zentzumenak behar dituen gizakiaren izateko eta ezagutzeko erari egokitzen zaiola. Gizakiak gorputza behar du Espirituaren grazia bere egiteko. Zeinu materiala errealitate espiritualaren adierazlea da. Esate baterako, eukaristiako ogia eta ardoa arimaren janari espirituala dira; bataioko urak araztu egiten du gizakia, e.a.
  1. b) KRISTOK SORTZEN DITU sakramentuak. Ez da Jainkoak gizakiaren bihotza santutzeko, salbatzeko, askatzeko, sendatzeko darabilen bide bakarra, baina Kristok gizakiei bere bizia helarazteko darabilen ohiko era da. Jesusen beraren nahia da bere jarraitzaileek Berarekin bat egitea batez ere sakramentuen bitartez, hauek bere Presentzia antzemateko modurik behinena direlako. Sakramentuak Jainkoaren eta gizakien arteko bategite eta elkartasunerako erarik behinenak eta, aldi berean, arruntenak dira.
  1. c) Sakramentuek GRAZIA EMATEN DIETE onartzen eta ospatzen dituztenei. ‘Grazia’ hitzak oparia, erregalia, mesedea adierazten du. Sakramentuak bere burua gizakiari oparitzen dion Kristo, bere burua gizakiari ematen dion Kristo dira. Kristo, bere burua gizakiari emanez. Jainkoak hainbat opari, hainbat dohain egin dio gizakiari: bizia, talentuak, eguzkia, e.a., baina Jainkoak egiten digun oparirik handiena, Jainkoa bera da bere bizia emanez, eta hori sakramentuen bidez egiten du, gu bere barruan eta Bera gure barruan bizi gaitezela nahi izan duelako. Opari handi hori, Jainkoaren bizitzan parte hartzeko aukera, horixe da grazia.

2. – EZKONTZAREN SAKRAMENTUA

Ezkontza, zergatik da sakramentua? Gizonak eta emakumeak, Jainkoaren graziaren bitartez, bizitza osorako ituna egiten dutelako beraien artean, bere izaera naturalez, senar-emazteen onerako eta seme-alaben sorkuntza eta hezkuntzarako. “Bai, nahi dut” delakoan adierazten dan gizonaren eta emakumearen arteko itun hau Jainkoaren eta bere Elizaren artean ezarritako itunaren isla da, itun askea, baldintzarik gabekoa, bereizezina, bakarra eta ugalkorra. Ezkontza, sakramentua da senar-emazteen arteko maitasunak Jainkoak Elizari eta munduari dion maitasuna sinbolizatzen eta irudikatzen duelako. Ezkontza, sakramentua da Kristok Elizari eman zion ‘baietzaren’ oihartzuna, luzapena, gaurkotzea, baietza bera delako. Ezkontza, sakramentua da Jainkoak bere graziaren bidez senar-emazteak beraien artean maitemintzen dituelako.

Zein da beren-beregi kristau ezkontzaren ezaugarria? Kristau ezkontza bakarrik bere jatorrira, hau da, Jesukristorengana joz gero ezagutzen den misterioa da. Jesusi ezkontzaren inguruko gairen bati buruz galdetzen ziotenean, beti aipatzen zituen jatorriak: Zer nahi izan zuen Jainkoak hasieran gizonaren eta emakumearen arteko maitasunerako? Beraien artean errotiko eta erabateko leialtasunezko egitura ezar zedila, hartu-eman hain barruko eta sakon honen osasun iraunkorra bermatzeko. Horixe da ezkontza. Bizikidetza, ezkontza-bizitzan ezartzen eta konpartitzen dena hain da barru-barrukoa, hain pertsonala, gizakiaren bizitzako eremu hain sakonekoa, non hartu-eman horren duintasunak berez eskatzen duen gizakiak ez kaltetzeko esparrua ezartzea eta esparru hori baldintzarik gabeko eta bereizi ezineko ituna da.

“Heriotzak banandu arte maite izango dugu elkar”. Hartu-emanaren funtsak berak betierekotasuna nahi du, horixe dagokio, hau da, betirako izatea. Maitasunaren bokazioa betierekotasuna da, osoa, errotikoa, betierekoa, baldintzarik gabekoa, bereizezina eta leiala izan behar du. Ezkontzaren sakramentuan, senar-emazteek beraien maitasunaren bokazio hori berresten dute. Bi lagun maitemintzen direnean, oso-osorik, zabal-zabal, bete-betean eman nahi dio bere burua batak besteari. Ezkontza maitemintzearen nahi bizi eta barruko horren berrespen heldua da. Ezkontza ez da esperimentua edo alokatze-hitzarmena, elkarrenganako eskaintza baizik, eta hau maitasuna oso-osoa, zabal-zabala denean gertatzen da.

Ezkontza maitemintzean bizi denaren “bai, nahi dut” heldua bada, ezkongai-aldia harremanaren hasieran bokazio bezala bizi den horren ontze-prozesua da. Ezkongai-aldia, gelara (ezkontza) naraman pasilloa da. Inori ez zaio bururatzen pasilloan altzaririk ipintzea, gela delako altzariei dagokien lekua. Pasilloa igarobidea da, behin-behineko errealitatea, eta aldi horretan bizi den ezer, ezta hori bizitzeko era ere, ez da behin betikoa, prestaketa delako aurrerago betirako gertatuko denerako: Baietza Kristorengan. Senar-emaztegaiak kristau ezkontzarantz badoaz, Elizak eskaintzen dizkien ohar, argibide eta irakaspenen arabera zeharkatuko dute ezkongai-aldiko pasilloa.

Ezkongai-aldia ondo biziz gero, ezkontza heldua izango da; eta kapritxoz beteriko eta iparrik gabeko ezkongai-aldiak, epeak errespetatzen ez dituen aldiak, oinarri sendorik gabeko eta gainditzeko zailak diren bizioez beteriko ezkontzara garamatza. Pasilloko aldia, elkar ezagutzeko aldia da, nork bere arima, ilusioz, zauriz, gatazkaz, erronkaz, konplexutasunez… beterikoa, ezagutzera emateko aldia. “Elkarrenganako osoko eta errotiko eskaintzaren aurretik, hau da, gorputzen liturgiaren bidez ere adierazten denaren aurretik, elkar ondo ezagutzea komeni da, urratsa eman behar dugun ala ez jakiteko”.

3. – EZKONTZA-OSPAKIZUNA

Kristau ezkontzaren ospakizunean, normalean, bost une izaten dira. Sakon dezagun apur bat horietako bakoitzean:

3.1. – Hasierako erritoak (Poztasuna)

Ezkontza errealitate bakar eta berezia da, eta ospakizunaren hasierak berezia izan behar du. Hasierako erritoetan, geure burua ospatzera goazen horretarako prestatuko dugu: senargaia eta emaztegaia Kristo senarrarekiko eta Eliza bere emaztearekiko konfiguratu. Horrexegatik, hasierako erritoen ezaugarri nagusia POZTASUNA da. Senar-emaztegaien poztasuna, senide eta adiskideena, kristau elkartearena eta Jainkoaren poztasuna, maitasunaren sendotzeagatik. Presidenteak (apaiz edo diakono) harrera egiten die berez sakramentuaren ministro diren senar-emaztegaiei. Dei egiten zaie senar-emaztegaiei Jainkoaren etxera hurbil daitezen eta honek pozez abegi egiten die eta jai egiten du beraien etorreragatik.

3.2. – Hitzaren liturgia (Entzutea)

Jakina, Jainkoak ezkontzako protagonistekin, senargaiarekin eta emaztegaiarekin, hitz egin eta hartu-emanean jarri nahi du. Jainkoaren poztasuna Hitzaren Liturgiaren bidez jakinarazten eta adierazten da; senar-emaztegaiek, Jainkoak beraien ezkontza-bizitzarako esan nahi diena entzun egingo dute. Bigarren une honen ezaugarri nagusia, ENTZUTEA da. Maitasunean inoiz ez diogu ikasteari uzten, Jainkoaren Hitzari irekita izango da beti gure bihotza eta entzute-jarrera izango dugu, elkartasunean hazteko. Irakurgaiek Jainkoak senar-emaztegaiez duen ardura adierazten da, eta Jainkoak horien zoriona nahi duela. Ebanjelioa hots egitean, senar-emaztegaiek eta elkarteak Jainkoak behin eta berriro helarazi nahi digun Berri Ona entzungo dute.

3.3. Ezkontzaren ospakizuna (Leialtasuna-eskaintza)

Ezkontzaren une nagusia, nukleoa da. Une honetan, senargaiak eta emaztegaiak “bai, nahi dut” adierazten diote elkarri kristau elkartearen eta Jainkoaren aurrean. Senargaiak eta emaztegaiak elkarri esaten dioten “bai, nahi dut” hori, gizatiarra eta jainkotiarra da, senargaiaren eta emaztegaiaren konpromisoa Jainkoarengan eta Jainkoaren aurreran; horregatik, ezkontza, sakramentua da, hau da, Jainkoaren agerpena gure artean. Ezartzen eta ospatzen den LEIALTASUNA-ESKAINTZA senar-emazteena da eta baita Jainkoarena ere. Adierazpen hau azterketaren eta onespenaren bidez egiten da eta horietan senar-emaztegaiek libreki erakusten dute senar eta emazte bihurtzeko aukera. Maitasunean eta ondasunetan elkartasuna den ezkontza bedeinkapenarekin eta eraztunen eta ezkontza-hornien ematearekin sendotzen da, “bai, nahi dut” oso, aske, erabateko, bakar eta behin betikoa adierazteko.

3.4. – Eukaristia-liturgia (Berri Ona)

Liturgia-eukaristiak gauza bakun bat gogoratzen die kristau elkarteari eta senar-emazte berriei: Kristoren Gorputz eta Odolik gabe ezin dugu ezer egin, gure indarrak ez dira nahiko ezkontza bizi izateko. Ezinbestekoa dugu Jainkoarekiko elkartasuna gure giza elkartasuna ederra, ona eta egiazkoa izan dadin. Eta hauxe da BERRI ONA: Jainkoa beti dagoela prest guretzat, geu ere beti prest egon gaitezen Berarentzat, ezkontidearentzat eta lagun hurkoarentzat. Bere maitasunik gabe ezin dezakegu ezer egin, baina bere maitasunak ez du inoiz huts egiten ez da inoiz ahultzen. Presidenteak (apaiz edo diakono) ematen duen ezkontza-bedeinkapenarekin zera adierazten da: Jainkoaren maitasunaren etengabeko beharra eta nahia, eukaristia-elkartasunean, non Kristo emango zaigun Bera lez bizi gaitezen, aseko duguna.

3.5. – Ospakizunaren amaiera (Lekukotasuna)

Ospakizunaren amaiera ezkontza-bizitza berriaren hasierari lotuta dago. Senargaia eta emaztegaia senar-emaztegai bezala sartzen dira baina senar-emazte bezala irten, hau da, jarraipena dago baina, aldi berean, iragarpena eta lekukotasuna merezi duen berritasuna. Sakramentuaren eragina, eskaintza eta bata bestearena izatea, iraunkorra eta behin betikoa da, heriotzarainokoa. Sakramentuaren ospakizunak errealitate berria sortu du munduaren eta Eleizaren zerbitzurako: kristau ezkontza, eta horregatik abadeak azkenean senar-emazteei ematen dien bedeinkapenaren misioa senar-emazte berriei SENAR-EMAZTE BEZALA DAGOKIEN LEKUKOTASUN ET AMISIO hori Elizan eta munduan ahalik eta ondoen garatzen laguntzea da.