Senarrak:
Jaungoiko Aita,
gaur gure Kristau Alkarteko familien izenean
berba egin gura deutsugu.
Euren ezkontza egunean
bihotzez Bai esan eutsuenen izenean
egiten deutsugu berba.
Bai bikote izateari,
Bai familia barriaren jaiotzari.
Emazteak:
Ezkonduak eta alargunak doguz gogoan;
bikote gazteak eta zaharrak;
maitasunean huts egin dabenak
eta euren bizitza, zure laguntzaz,
barriro konpondu gura dabenak.
Senarrak:
Gogoan doguz gaur baita
familia egiten daben beste pertsonak,
nahiz eta ezkonduak izan ez,
eta egunero era batera eta bestera
ahalegintzen diranak
Jaungoikoaren seme-alaben
familia handia eraikitzen.
Emazteak:
Barriro be, Jauna,
pertsona guzti horreen izenean,
eskerrak emoten deutsuguz,
gure familia-bizitzan zehar,
zure Maitasuna eta zintzotasuna eustearren.
Eta zure maitasun eta indarraz
gure ezkontza eta familia agintza
ilusinoz barritu gura dogu.
Senarrak:
Jauna, zeure Jainko maitasunari
zintzo erantzuten jarraitu gura dogu gure bizitzan,
maite dogun ezkon-lagunari zintzo erantzuten,
gure ardurapean doguzan seme-alabei zintzo erantzuten,
Zuk anai-arreba arteko etxe bihurtu gura dozun munduari
zerbitzen eta zintzo erantzuten.
Jarraitu egizu guri laguntzen, Jauna,
zure Maitasunaren lekuko izaten jarraitu dagigun.
Abadeak, batzartuei zuzenduz:
Zuengan maitasuna sortu eban
eta zuen familia-bizitzan zehar
janaritu eban Jaunak
baieztu (+) dagiala
Elizearen aurrean agertu dozuen
familia-konpromisoaren barriztatze hau.